Dibulgazio artikuluak

Hasi, hasi... ez dakit noiz hasiko nintzen idazten. Badakit, nire lehenbiziko dibulgazio artikulua Hernaniko Udal Artxiboak ateratzen duen Hernaniko urtekarian idatzi nuela. Izokinari buruzkoa izan zen. Euskal Herri mailako aldizkari edo egunkari batean, ordea, 2016ean publikatu nuen lehenbiziko aldiz dibulgazio erreportaje bat; eta kasualitatez izan zen, gainera. Hura idatzi eta jarraian etorri ziren gainontzekoak. ARGIAko lagunek gai gehiago ba ote nituen galdetu zidaten. Zerrendatxo bat eman, eta horiei tiraka erori ziren hurrenak. Urumeako Kronikan ere hasi nintzen, eta geroxeago, Garako Gaur8 gehigarrian kolaborazio lanetan. Elhuyar aldizkarian idazteko proposamena ere iritsi zen ondoren. Bai eta idatzi ere. Eta hala, batetik eta bestetik, 60 dibulgazio artikulutik gora joan dira pilatzen azken urteetan. Hemen aurkituko dituzue sailkatuak, egin dudan gutxi gorabeherako antolaketa batean. Onak ala txarrak diren? Ez dakit. Baina, sikiera, balio dezala irakurzale asegaitzari ilusioz idatzitako artikulu sortu bat eskaintzeko.