GAUR8 gehigarria_GARA EGUNKARIA
Goizuetako errotarri harrobi baten aitzakian ezagutu nuen Jose Javier. Artzain batekin hitz egiten ari zela, hark esan omen zion, Goizuetako mendietan bazirela errotarriak, erdiko zulo eta guzti, harri artean, ezkutuan bailiran. Bertara joan ginen arratsalde batean, eta Urumea bailarako lehenbiziko errotarri harrobia aurkitu genuen. Ordutik, uhandre piriniotar bila eta beste mila kontutan izan dugu Jose Javier bidelagun, Goizueta inguruko ondareari tiraka ibili garen bakoitzean.
Horrek guztiak, aukera eman digu, izan mendiko irteera, izan bazkari-mokadu bidez elkar gehiago ezagutzeko. Gero eta gehiago ezagutu, orduan eta argiago nuen Jose Javierren bizitza eta profesional moduan egiten zuen lana zabaldu beharra zegoela. Eta hala egin genuen, Amagoia Mujikak eta biok, eserialdi eder baten aitzakian, mahai baten inguruan. Belarriak erne jarri eta Jose Javier entzutea plazera izan zen.
--------------------------
Mujika, A. & Sanz-Azkue, I. 2025-03-15. Jose Javier Etxeberria: Askotan esan izan didate nirekin hizketan aritzean gaitzen erdiak joaten zaizkizela. Gaur8 gehigarria. Gara egunkaria.
Kasualitatez ezagutu nuen Javi Castro. Bere lan batean jarritako argazki batek deitu zidan arreta. Errotarri bat erakusten zuen bertan, eta errotarri inguruan iratze batzuk agertzen ziren. Iratzeetan jarri nuen begirada, eta hala idatzi nion. Horren harira, errotarri-harrobi bat Goizuetan ezagutzen genuela eta, bertara joan eta batetik eta bestetik, elkarrekin Jaizkibelgo errotarri-harrobien ikerketan hasi ginen lanean elkarrekin.
Javi Castrok urteak pasa ditu errotarri-harrobi bila. Urteak mendian errotarri bila eta artxiboetan datu bila. Eta hala, ikaragarrizko ondarea pilatu du bere lanarekin. Proiektua amaitzera zihoala eta, elkarrizketa bat egitea proposatu nion. Proposatu eta egin.
--------------------------
Sanz-Azkue, I. 2020-09-23. Javi Castro: Aztertzen nuen eremu bakoitza errotarri-harginen historian ikertu gabeko kapitulu berri bat zen. Gaur8 gehigarria. Gara egunkaria.
POESIA/NATURA/ZIENTZIA
EGILEAK: Iñaki Sanz-Azkue & Amagoia Mujika Telleria
2022ko udazkena zen. Alberto eta biok berriketan ari ginen gaia atera zenean: naturari loturiko poesia. Ezagutzen nituen bere koadernoak; txikitatik idatzitako poesiez beterikoak. Eta egun hartan aspaldi esan nahi niona aipatu nion: "Alberto, poesia horiek ezin dira apal batean gelditu. Publikatu egin behar dituzu."
Hala hasi ginen mugitzen, eta lortu genuen, Lamiñarra argitaletxearen laguntzaz urtetan eta urtetan Albertok idatzitako poesia liburu baten bidez argitaratzea.
Orain, natura eta literatura maite dugunok badugu liburu zoragarri bat, naturaren handitasunari baino, txikitasun horri begira idatzitakoa. Txikitasunaren handitasunari behatzearen ondorioz idatzitakoa. Elkarrizketa honetan, Albertok poesia horiei buruz hitz egin zigun eta aipamen interesgarriak utzi literaturaz, poesiaz eta naturaz. Zer pentsatua, behintzat eman beharko liguketen hainbat kontu azaleratu zituen.
----------------------
Mujika Telleria, A. & Sanz-Azkue, I. 2023-06-03. “Natura behatzen dudanean, koadernoan zenbakiak eta datuak jasotzeaz gain, beti sortzan zait poesia.” Gaur8 gehigarria. Gara egunkaria.
Esango nuke, nik bezala, Amagoia Mujikak ere ez duela berehalakoan ahaztuko Antonio Santa Cruz-i bere etxeko egongelan egin genion elkarrizketa. Gizon argia zen Antonio. Heriotzaz hitz egin genuen, gerra zibilaz, garai bateko bizimoduaz, eta egungoaz. Bizitzaz.
2022ko otsailean utzi gintuen Antoniok 98 urte zituela. Bere sendiak ondo asko daki haren heriotzak utzi zidan hutsunea. Hala adierazi nahi izan nuen Kronikan idatzitako agur gutunean: https://kronika.eus/komunitatea/gutunak/1645901225020-pagoak-itzala-ematen-jarrai-dezan
Bere hitzak, ordea, betiko gorde ditugu elkarrizketa honen bidez. Idaztea ez ezik, irakurtzea merezi duten Antonioren hitzak.
«Gaur egun bakoitza bereari begira bizi da» | Euskal Herria | Naiz
---------------------
Mujika Telleria, A. & Sanz-Azkue, I. 2021-02-13. “Gaur egun bakoitza bereari begira bizi da.” Gaur8 gehigarria. Gara egunkaria.