Iñaki Sanz-Azkue

Hitzak goroldio artean


Inoiz ez dakizu noiz etorriko diren. Batzuetan aurrean duzun paisaiari begira zaudela azaltzen dira. Edota ureko botak jantzi eta errekan gora zoazela. Enborraren magalean eserita zaudela ere suerta daiteke ateratzea. Horrela sortzen dira hitzak. Hankak lokatzez zikinduta dituzunean, sugandila baten mugimenduak aztertzen ari zarenean edo, zeinek jakin, goroldiotan dauden tanten artean galtzen denean zure begirada.

Hala, gutxien espero duzunean ateratzen dira hitzak, eta hasten dira ideiak dantzan, esaldiak buruan bueltaka eta irudiak batetik bestera mugitzen, guztia josi eta zentzu bat eman nahian.

2016an idatzi nuen nire lehenbiziko erreportajea Euskal Herri mailako aldizkari batean. Ordutik, pilatzen joan dira hitzak, esaldiak eta ideiak.

Txoko honetan, azken urteetan publikaturiko artikulu, liburu, material didaktiko eta abar luze bat aurkituko duzu. Natura da ardatza, baina nahasiko dira tartean etnografia, historia eta hezkuntzari buruzko kontuak ere. Hemen duzu, beraz, eman nahi diozun erabilera emateko gunea.

Tantaka-tantaka, mendian, erreka ertzean, goroldio artean gabiltzala aterako diren hitzez betetzen joango den txokoa.