Ingurumena
ARGIA ASTEKARIA
2024-11-14. A ZE FAUNA! NARRASTIAK/EZAGUTZA.
Bi argazki atera dizkiogu gure memoriari: batak Nafarroako Bardeetara eramango gaitu. Bertan, hautsez beteriko pista aldamenean, belar luzez osaturiko zelaitxo bat aurkituko dugu. Argazkiak erakutsiko du herpetologo gazte bat bertan barneratzen: begiak erne, zer ikusiko. Baina ikusi baino, mugimenduak sumatzen ditu batean eta bestean. Mugimendu azkarrak; zein animaliarenak diren ikusten uzten ez dutenak.
Lau hanka txiki gorputz bat azkarra egiteko
-------------------------------------------------------------
Sanz-Azkue, I. 2024-11-16. Lau hanka txiki gorputz bat azkarra egiteko. ARGIA Astekaria.
2024-09-02. A ZE FAUNA! ANFIBIOAK/EZAGUTZA
Onar dezagun. Kuttuna dut uhandre piriniotarra. Urumea bailaran, Goizueta inguruan uhandre piriniotarraren populazio berrien bila ikerketan egindako orduak asko eta asko izan dira; eta esfortzu horrek berak, erreka eta bailara zoragarriak ezagutzeko aukera ere eman dit. Erreka ilunetan eta hezeetan barrena ibili gara, ur azpiko harri artean haren bila eta hala, ezagutu dut anfibio txiki eta berezi hau, bere bizitokian, bere ezaugarri eta beharrekin. Artikulu txiki honen bidez, hura ezagutarazteko asmoa dago. Ezkutuan ibiltzen den arren, kontserbazioari begira ondo presente edukitzeko animalia baita.
------------------------------------------------------------------
Sanz-Azkue, I. 2024-09-02. Ur lasterretako erregina. ARGIA astekaria.
2024-06-24. A ZE FAUNA! NARRASTIAK/EZAGUTZA.
Gaztea denean ez du zalantzarako tarte askorik uzten. Suge gorbatadunak badu ezaugarri bat gainontzekoetatik bereizten duena: gorbata. Gorbata, edo batzuek deitzen dioten moduan, lepokoa. Izan ere, kolore arre edo ilun, berdexka edo urdina izan badaiteke ere gorputza, buruaren atzealdean lepoko zuri nabarmena izan ohi du. Hargatik, leku batzuetan suge lepazuria ere deitzen diote suge gorbatadun gazteari.
Sinplearen konplexutasuna (argia.eus)
-----------------------------------------
Sanz-Azkue, I. 2024-06-24. Sinplearen konplexutasuna. ARGIA Astekaria.
2024-05-14. A ZE FAUNA! NARRASTIAK/EZAGUTZA
Dragoitxo arruntak gauza zaila lortu du: etsaia lagun egin du. Klima aldaketak eragin dituen neguen berotzeak baliatu ditu aurretik konkistatu gabeko eremuetan gelditzeko, eta hala, egun jada bertako espezieen artean bat gehiago da; neguak igarotzeaz gain, leku askotan ugaldu ere egiten dela ikusi baita. Urte gutxian ikustea ia ezinezkoa izatetik, populazio egonkorrak izatera igaro da euskal kostaldean. Dragoitxoa gelditzeko etorri da.
Dragoitxo arrunta eta klima aldaketa: etsaia lagun duzunean... (argia.eus)
-------------------------------------------------------
Sanz-Azkue, I. 2024-05-13. Dragoitxo arrunta eta klima aldaketa: etsaia lagun duzunean... ARGIA astekaria.
2024-03-25. A ZE FAUNA! NARRASTIAK/EZAGUTZA
Euskal Herriko muskerren artean ez da handiena, baina ziur asko, bai ezagunena. Musker berdeak, izenak dioen moduan, gorputz berdea du oso, eta ugal garaian, buru eta lepo aldea urdinduak izan ohi ditu. Gainontzean, puntu beltz txikiz osaturik izaten du gorputza, baina bere berdetasuna ezkutatu gabe.
https://www.argia.eus/albistea/ospea-ez-da-beti-ona
--------------------------
Sanz-Azkue, I. 2024. Ospea ez da beti ona. 2024-03-25. ARGIA Astekaria.
2024-02-12. A ZE FAUNA! NARRASTIAK/EZAGUTZA/KONDAIRAK
Luzea, fina eta iluna da eskulapioren sugea. Arre-beltz kolorekoa izan ohi da, orban txiki zurixkak ditu gorputzaren aldeetara, eta hargatik, agian, pertsona batzuen begietara beldurgarri itxura hartzen du. Buru fina du, eta lepoaldean horizta edo krema kolorea, bereizgarri gisa. Bere luzetasun eta iluntasun horretan, ordea, eskulapioren sugeak arriskutsutik gutxi du. Izan ere, pozoirik ez du, sugegorriak ez bezala.
https://www.argia.eus/albistea/basotik-farmaziara
--------------------------------------
Sanz-Azkue, I. 2024. Basotik farmaziara. 2024-02-12. ARGIA Astekaria.
2023-12-25. A ZE FAUNA! ARRABIOA/EZAGUTZA/KONDAIRA
Horia eta beltza da arrabio arrunta. Kolorazio aposematikoa duela esan ohi da eta ez da kasualitatea. Kolore deigarri horiek badutelako euren funtzioa. Bere burua babesteko modu bat da, “erne! Pozoia dut-eta!” esanez bezala. Eta noski, ezaugarri horri gizakiak are indar handiagoa eman dio. Arrabioa arriskutsua dela transmititu baita belaunaldiz belaunaldi, eta horiek egi bihurtu nahian-edo, badira hainbat kontakizun eta istorio arrabioari lotuak.
https://www.argia.eus/albistea/basomutilak-hil-zituena?
-----------------------------------
Sanz-Azkue, I. 2023. Basomutilak hil zituena. 2023-12-25. ARGIA Astekaria.
2023-11-06. A ZE FAUNA! HORMA-SUGANDILA/EZAGUTZA
Arrunta izanagatik, ordea, ezin esan espezie ezaguna denik. Sugandilak maiz ikusten ditugun arren, ez baitiegu arreta askorik jartzen, ez herritarrok, ez ikertzaileok ere, kosta egiten baitzaigu mehatxatua ez dagoen horri begiak jartzea. So egingo diegu, agian, arrak udaberriko borrokekin hasten direnean, edota haiekin jolasean dabilen umeak isatsa kendu eta behin gorputzetik banatuta nola mugitzen den behatzen dionean, baina… ezagutzen al dugu horma-sugandila?
https://www.argia.eus/albistea/ezagutzen-ez-dugun-bizilaguna
--------------------------
Sanz-Azkue, I. 2023. Ezagutzen ez dugun bizilaguna. 2023-11-06. ARGIA Astekaria.
2023-09-25. A ZE FAUNA! TXANTXIKU ARRUNTA/ZAINTZA
A ZE FAUNA! izeneko saila estreinatu berri dugu ARGIA astekariko Bizi Baratzean. ARGIAkoek deitu zidaten, ea bertako espezieei loturiko artikulutxoak idazten hasiko ote nintzen astero. Eta nik, ezezkoa eman behar. Egunak ez zidala horrenbesterako ematen... Hitz egin genuen, ordea, eta adostu, Aranzadi Zientzia Elkarteko taldetxo bat osatuko nuela, aditu taldetxo bat, eta haiekin batera, hastero animalia espezie bati buruzkoak idatzi genituela.
Hala, A ze fauna! sekzioa estreinatu berri dugu, eta aurreneko anfibio espezie berezi bati eskaini: txantxiku arruntari!
https://www.argia.eus/albistea/zaintza-erdigunean
-----------------------
Sanz-Azkue, I. 2023. Txantxiku arrunta: zaintza erdigunean. 2023-09-25. ARGIA Astekaria.
2023-02-19. HARKAITZ-TXORIA/HEGAZTIAK/FAUNA/BIOLOGIA
Hegaldi berezi batek deitu digu arreta itsas bazterreko labarren artean. Burua jaso eta tximeleta baten gisan igaro du begien aurrean dugun zeru-tartea. Negua da. Hegazti askok hegoaldera migratu du jada: bero bila.
Badira, ordea, hotza maite dutenak ere. Horien artean, harkaitz-txoria: goi mendietako hegazti berezia. Begien aurrean izan dugu gure gozamenerako. Pirinioetako mendi gain elurtuak utzi eta behera egin du, Euskal Herriko harkaiztietara. Negu hotzak hotzegiak ez diren lekura. Arrakala artean elikatzera. Paisaia grisari kolore pixka bat jartzera.
-----------------------------------------------
Sanz-Azkue, I. 2023. Harkaitz-txoria, kolorea negu grisean. 2023-02-09. ARGIA Astekaria. 2813 alea.
2021-06-13 ESKULAPIOREN SUGEA/FARMAZIAK/SINBOLOA/HISTORIA/ZIENTZIA
Gure herriko farmazian bazen erakuslehio handi bat, eta bertan, katilu zaharrak txukun-txukun jarriak. Sugea eta makila marraztuak zituzten katiluak ziren, hain zuzen ere. Farmaziako jabearen aitarenak izandakoak.
Egungo jabeak ezagutzen zuen katiluetan zegoen ikurra: farmazietako sinboloa; baina onartu zidan bertan agertzen zen sugearen berri ez zuela.
Herriko edozein basotan aurki daitekeen sugea da katiluetakoa. Bertako baserritar askok mendian sarri ikusi izan dutena. Egun, ordea, ezagutza hori galdu egin da, eta errazago ezagutzen dugu Greziatik datorren farmazietako sinboloa, herrian bertan dugun sugea baino.
Hala, Eskulapio sugeari buruzko erreportajea idatzi nuen, ezkutuan izan ohi den sugeari, erakusleiho handiago bat eman nahian...
---------------------------
Sanz-Azkue, I. 2021. Euskal Herriko basoetan ezkutatua, farmazietan ikur. 2021-06-13. 2736 alea.
2021-02-21 SUGE LEUNA/MUSKERRA/BIOLOGIA/ZIENTZIA
Ez dut gogoan non nintzen, baina ondo asko gogoratzen dut Iñaki Etxeberriak irudiko argazkia bidali zidala mugikorrera. "Begira zer aurkitu dudan Goizuetan".
Argazkia ikusi bezain laster deitu nion. Bibliografiari begira hasi eta segituan ohartu ginen artikulu zientifiko moduan publikatzeko moduko behaketa zela. Pentsatu eta egin!
Hilabete gutxian onartu ziguten artikulua, baina, betiere, zientzia gizarteratzea eman beharreko pausua dela jakinik, behaketak erreportajetxo bat ere merezi zuela pentsatu genuen, eta hala idatzi nuen, sugeak muskerra jan zueneko momentua, xehetasun guztiekin kontatua.
-----------------------
Sanz-Azkue, I. 2021. Suge-leuna: Zu hobeto jateko! 2021-02-21. ARGIA astekaria. 2721 alea.
2020-06-07 MUSKER BERDEA/HISTORIA/BRITISH MUSEUM/AHOZKO ONDAREA
Garai hartan Aranzadiko Herpetologia Saileko zuzendaria zen Alberto Gosá. Musker berdeari buruz hizketan ari ginela, hark jakinarazi zidan George Albert Boulengerrek, Europako herpetologiaren aitak, idatzitako Monograph of the Lacertidae famatuan Hernaniko musker berde baten berri ematen zela.
Harrituta, ez nuen zalantzarik egin, eta segituan jarri nintzen hari buruzko informazio gehiago bilatu nahian. Hala, Hernaniko baserrietan jasotako ahozko ondarea, muskerrari buruzko informazioa eta liburu horretan aurkiturikoak nahastuta osatu nuen ondoko erreportajea: Euskal Herriko musker bat British Museumean izenekoa.
--------------------
Sanz-Azkue, I. 2020. Euskal Herriko musker bat British Museum-ean. 2020-06-07. ARGIA astekaria. 2689 alea.
2020-05-22 EUKALIPTOA/INPAKTUA/URUMEA/
EGILEAK: Joserra Díez, Iñaki Sanz-Azkue eta Ibai Olariaga.
Urteak generamatzan Urumea bailarako biodibertsitatea ezagutzeko ikerketa lanak egiten. Ikusten genuen, pixkanaka, eukalipto landaketak ugaritzen ari zirela bertan, baina kolpean, 2020tik aurrera, eta pinuaren banda marroia gaixotasunaren etorrerarekin, landaketa kopurua izugarri hazi zen.
Urumeako bailara sakon eta aberatsetan eukaliptoa sartzea biodibertsitatearentzat kaltegarria izan zitekeela bagenekien. Hala, artikulu txiki hau idaztea pentsatu genuen, egoera azaleratzeko eta gaia mahaigaineratzeko.
Lortu genuela uste dut. Ordutik, bertako administrazioa, taldeak eta herritarrak mugitzen hasiak baitira.
--------------------
Sanz-Azkue, I. 2020. Urumea bailaran eukalipto landaketa gehiago ez egitea eskatzen dugu. 2020-05-22. ARGIA astekaria.
2020-03-30 APO ARRUNT IBERIARRA/IGOKARIA/JOKAERA
"Ikusi dituzu inoiz apoak arbolean gora igota? enborrean gora eginez?" esan zidan Alberto Gosá herpetologoak. Urteak daramatza Albertok Ultzamako (Nafarroa) baso-igel jauzkariaren populazioak ikertzen, eta bitartean, egiten dituen behaketak beti dira interesgarriak. Tartean daude, esaterako, apo eskalatzaileenak.
Albertok hainbatetan topatu ditu apoak enborrean gora igota, eta jasotako datuekin zientzia artikulu txiki bat ere aterata du. Horri helduta, interesgarria iruditu zitzaidan apoen ezaugarri berezi horri buruz aipamen bat egitea. Sikiera, noizbehinka apoen gaitasun onak plazaratu beharko ditugu ba!
------------------------
Sanz-Azkue, I. 2020. Ba al zenekien apoak eskalatzaileak direla? 2020-03-30. ARGIA astekaria.
2020-03-28. APO ARRUNT IBERIARRA/BIOLOGIA/UGALKETA
Apo arrunt iberiarraren ernalketa garaia txundigarria da. Multzoan joan ohi dira ur eremura ugaltzera. Gogoan dut Igeldoko putzu baten ertzean ikusitakoak harrituta utzi ninduela. Eme baten gainean pilaturiko lau-bost arrek pilota bat osatzen zuten lurrean. "Emea itoko dute!" bururatu zitzaidan. Geroztik jakin nuen egoera nahiko arrunta zela apoen ugal garaian.
Hori gutxi ez eta, ikusi nituen ere hainbat eme uretan, arrak gainean zituztela. Batzuk hilda topatu nituen gero. Ernaltzeko borrokan heriotzaraino iristea ere!
-----------------------------
Sanz-Azkue, I. 2020. Ernaltzeko borrokan, heriotzeraino iritsi daitezke apoak. 2020-03-28. ARGIA astekaria.
2020-03-27. APO ARRUNT IBERIARRA/HARRAPAKETAK/KUDEAKETA
Urtero bezala, herriko errepideetan hildako apoak ikusten hasi nintzen. Atentzioa ematen duen irudia da. Anfibio txiki horien dozenaka gorputz zanpatuak, autoek harrapatuak, eta odola asfalto gainean... Prentsan, ordea, ez zegoen gauza askorik gaiari buruz, nahiz eta gero eta gehiago ziren gertaera horri buruzko ikerketak. Hala, idaztera animatu nintzen.
Covid-19aren etorrerak, ordea, bete-betean harrapatu zuen erreportajea. Etxean sartuak ginen jada eta nik testua ARGIAra bidalia dagoeneko. Estitxu Eizagirrek aipatu zidan astekaria etxeetara bidaltzeko arazoak zituztela eta modu digitalean ateratzeko asmoa zutela. Hala, erreportaje bakarra atera beharrean, hiru zatitan banatu genuen testua, eta banaka publikatu. Zati bat eguneko. Hau izan zen aurrenekoa.
-----------------------
Sanz-Azkue, I. 2020. Nola lagundu anfibioei errepidea gurutzatzen? 2020-03-27. ARGIA astekaria.
2019-06-16. FAUNA/ANFIBIOAK/BIODIBERTSITATEA
100 urte bete zituen ARGIAk 2019an. Deitu egin ninduten. "Iñaki, astekariaren ehungarren urteurrena ospatzeko, bertako fauna ezagutzeko irteera bat antolatu nahi dugu, baina Nafarroan izatea nahiko genuke." Hala etorri zen Leurtzan anfibioak eta narrastiak ezagutzeko ibilbidea egiteko ideia.
Ezustea ikaragarria izan zen. Asko jota 35 pertsonentzako taldea egitea pentsatu genuen. Eskaera kopurua ikusita, 35eko bi talde egin behar izan genituen, ordea, eta hala ere, jendea izena eman ezinda geratu zen leku faltagatik. Erreportajetxo hau osatu genuen euripean egindako irteera eder horien lekukoa betiko gera zedin.
------------------------
Sanz-Azkue, I. 2019. Anfibioak eta narrastiak. Ingurumen aldaketa handien adierazle txikiak. 2019-06-16. ARGIA astekaria. 2648. alea.
2019-06-16. TXIMELETAK/KOBAZULOAK/BIODIBERTSITATEA
Iker Novoak aipatuta jakin nuen lehenbiziko aldiz badirela negua kobazuloetan igarotzen duten tximeletak. Bereziak direla esan zidan, eta Oñatin ezagutzen zituela haiek topa zitezkeen haitzulo batzuk. Irteera gidatu bat egiteko asmoa ere ba omen zuten. Hori entzunda, ez nuen zalantzarik egin: ARGIAkoekin hitz egin, eta Oñatira joan nintzen erreportajea osatzeko asmoz.
Dani Blanco, ARGIAko argazkilari bikaina etorri zen nirekin. Bezperan, gau aldean, Hernanin topatu genuen elkar. Biak ala biak sagardotegia izanda eguerdian. Goizeko 8etarako listo ginen biok, ordea, kamera eskuan zuela Dani, eta koadernoarekin eta boligrafoarekin ni, Oñatiko kobazuloetara joateko prest.
Eta han, ilunpean, topatu genituen horma hotzei itsatsiak: kobazuloetako tximeletak!
----------------------
Sanz-Azkue, I. 2019. Neguko tximeletak. Kobazuloen ilunpeko edertasuna. 2019-06-16. ARGIA astekaria. 2648. alea.
2019-03-03. ARRABIOA/ANFIBIOAK/HISTORIA
Ikusi al dituzu arrabioak sekula? Ikusi al dituzu arrabioak hilerri batean inoiz? Eta hilerri batean gauez? Pentsa, Donostiako alde zaharrean bertan, Urgull mendiaren babesean, basopean, itsasoaren olatuak entzuten diren gunean, ateratzen dira ilunpean arrabioak Ingelesen hilerrian. Bizia dago hildakoen eremuan.
Zenbat aldiz joango ote ginen Elina Uotila, Ariñe Crespo eta hiruok bertako arrabioei buruzko ikerketa egitera. Gauez, hiria lotan zegoenean. Hiriguneko eremu berezi horretan gertatzen dena ezezaguna da bertako biztanle askorentzat. Hargatik, merezi zuen Urgulleko arrabioen misterioa plazara ateratzea. Ikusten ez dena ikusarazteko.
-------------------------
Sanz-Azkue, I. 2019. Urgulleko arrabioen misterioa. 2019-03-03. ARGIA astekaria. 2634. alea.
2018-12-16. HEGAZTIAK/BIODIBERTSITATEA/SAGASTIAK
Jon Torner, ARGIAko kazetaria, jarri zen kontaktuan nirekin. Urtero-urtero Sagarrondotik aldizkaria atera ohi zutela eta, ea sagastiei loturiko erreportajerik idaztera animatuko ote nintzen. Orduan atera berria zen ikerketa interesgarri bat, hegaztien eta intsektuen biodibertsitateak sagastietan zuen eragin positiboaz hitz egiten zuena, eta animatu egin nintzen.
Onartu beharra dut. Kosta zitzaidan erreportajearekin arrankatzea. Ikertzaileekin ere jarri nintzen kontaktuan. Ez nintzen gustura sentitzen aurreneko zirriborroekin, ordea. Azkenean, buelta batzuk eman ostean, publikatu genuen, eta nire ezusterako, erreportajeak urteko zientzia-kazetaritzako artikulu onenaren CAF-Elhuyar saria ere jaso zuen urte hartan.
----------------------------
Sanz-Azkue, I. 2018. Hegaztiak, erleak, zomorroak…Sagastien zaindari txikiak. 2018-12-16. ARGIA astekaria. Sagarrondotik gehigarriko azala. 2625 alea.
2018-07-22. PITIUSETAKO SUGANDILA/ESPEZIE INBADITZAILEAK/EUSKAL KOSTALDEA
2005ean, Urgulleko Liolepis sugandilaren (Podarcis liolepis) populazioaren jarraipena egiten ari ginela, bertan topatutako Pitiusetako sugandilaren (Podarcis pityusensis) lehen alea ikusi genuen. Bagenekien ordurako Gaztelugatxen bazegoela. Hala, genetikako laborategian lanean ari nintzenez, bi horien ikerketa genetiko txiki bat egiteko baliatu nuen unea.
Urte batzuk beranduago, eta 2008an Gaztelugatxeko populazioaren ikerketa ere egin ostean, Pitiusetako sugandilaren egoera berezia zabaltzea interesgarria izan zitekeela iruditu zitzaidan. Izan ere, Euskal Herrian duen egoera eta Pitiusetako irletan duena oso ezberdinak dira. Harridura sortzen duen horietakoa. Sugandila eder honen atzean dagoen istorioa kontatzeak merezi zuen.
-----------------------------
Sanz-Azkue, I. 2018. Pitiusetako sugandila. Ibizan uso, euskal kostaldean otso. 2018-07-22. ARGIA astekaria. 2608 alea.
2018-06-17. HIRIETAKO FAUNA/PARKEAK/ANFIBIOAK.
Gezurra badirudi ere, hirietako parke batzuetan badira anfibioen populazio ederrak. Aranzadiko Herpetologia Saileko Ion Garinek Aieteko parkera antolaturiko irteera gidatua baliatu genuen Dani Blanco ARGIAko argazkilariak eta biok erreportaje hau osatzeko.
Kuriosoa bada ere, irteera horren hasiera berezia izan zen. Udalaren koordinazio akats bat dela eta, udaltzaingoak ez zigun parkean sartzen utzi eta ate nagusia itxi egin zuten. Beste akats batek salbatu zigun gaua, ordea. Parkeko ate txiki bat irekia utzi zuten, eta beraz, ez genuen arazorik izan bertan sartzeko.
Irteera bikaina izan zen! Eta bertako bizilagunak harrituta bueltatu ziren etxera. Auzoko parkean bertan anfibioen populazio eder bat zuten, eta haiek jakin gabe!
------------------------------
Sanz-Azkue, I. 2018. Anfibioak. Parkeko biztanle ezkutuak. 2018-06-17. ARGIA astekaria. 2603 alea.
2018-03-04. EUKALIPTOA/UHANDRE PALMATUA/IKERKETA
Aranzadiko Herpetologia Sailean ikerketa interesgarri bat egin berri zuten. Eukaliptadi azpietan bizi ziren uhandre palmatuen (Lissotriton helveticus) osasun egoera neurtzen hasiak ziren, eta harizti eta pinudi azpikoekin alderatzen.
Ikerketak eukaliptadien eragina kaltegarria zela ondorioztatzen zuen, eta eragina zuela espezie honen ugalketan. Bertako ikerketa izanik eta momentuko gai interesgarri bati lotua... ezin izan nion erreportajea idazteko tentazioari eutsi.
----------------------------
Sanz-Azkue, I. 2018. Uhandre palmatuaren kasua. Eukaliptoa eta pinua kaltegarriak ote anfibioentzat? 2018-03-04. ARGIA astekaria. 2589 alea.
2017-12-31. VANDENBOSCHIA SPECIOSA/IRATZE PALEOTROPIKALAK
Zenbat ordu pasako ote nituen Vandeboschia speciosa iratze paleotropikalaren populazio berrien bila. Errekan gora, katiuskak jantzita, euripean zein eguzkipean, leher eginda eta ondo zikinduta, maiz. Hala, ez da harritzekoa, espezie honekin dudan lotura berezia izatea.
Horrez gain, alabaina, iratzeak berak badu zer kontatua. Jatorri subtropikaleko landarea izanda ere, Euskal Herrian aurki dezakegu, zenbait eremutan, bere fronde ("hosto") zeharargiekin, hezetasun eske beti, leku ilunetan. Erreka ertzean, gehienetan.
Hargatik, gure inguruan dugun altxor txiki hau ezagutarazteko idatzi nuen erreportajea. Ilunetik argira eraman nahian iratze eder honen istorioa.
-------------------------
Sanz-Azkue, I. 2017. Vandenboschia speciosa iratzea: gure erreketako altxor ezkutua. 2017-12-31. ARGIA astekaria. 2581 alea.
2017-12-10. MUSKERRAK/HORMA ZAHARRAK/BIODIBERTSITATEA/ARAOTZ
Oñatiko Araotz auzoak paraje ederrak ditu. Ederrak bakarrik ez. Baita oso interesgarriak ere. Ezagun baten bitartez, Ander Izagirre Egañak bertan gardatxoa (Timon lepidus) aurkitu zutela esan zidan. Gipuzkoan sekula ikusi gabeko espeziea zen. Beraz, bertara joan ginen, egiaztatzera.
Ander bera, Egoitz Alkorta, Ibai Ugarte, Aitor Montes eta Iker Novoarekin batera, konpainia ezinhobean izan ginen hango parajeetan zenbait aldiz. Eta aurkitu genuen, ale bat baino gehiago gainera, bilatzen genuen muskerra: gardatxoa.
Batak bestea ekartzen duela eta, gure harridurarako pareta zahar bat ere topatu genuen, Euskal Herriko hiru musker espezieak topa daitezkeen pareta. Dudarik gabe, gune interesgarri bat hiru espezieen biologia ikertzeko.
---------------------------
Sanz-Azkue, I. 2017. Araotz: Hiru muskerren topaleku bakarra. 2017-12-10. ARGIA astekaria. 2578 alea.
ELHUYAR ALDIZKARIA
2022-03-01 ODONATUAK/ZIENTZIA/EKOLOGIA
Aspaldian buruan nuen erreportajea da hemen aurkituko duzuna. Askotan elkartu izan gara Iñaki Mezquita eta biok urmaelen inguruan, anfibioei eta odonatuei buruzko dibulgazio lana egiteko. Arreta deitu izan didate beti Iñakik ornogabe talde honekiko duen pasioak eta, nola ez, baita dituen argazki bikainek ere.
Elhuyar-ekoek "Ikusmiran" atala egiteko proposamena bota zidatenean, garbi ikusi nuen. Iñaki Mezquitarekin hitz egin eta esan nion: "Iñaki, hire argazkiekin eta nire hitzekin burruntzi eta sorginorratzei buruzko erreportaje eder bat egin behar diagu. Betiko kontuetatik atera, eta haien bitxikerien bidez, jendea mundu horretara gerturatuko duen artikulua." Baiezko garbia bota zidan, eta ez zen zaila izan Elhuyarrekoak konbentzitzea.
Detaile guztiak kontuan izanda, edukia eta estetika zaindu dira artikuluan. Gure pozerako, azala ere eman zioten Elhuyar-eko lagunek. Merezi izan zuen lanak. Dudarik gabe!
-------------------------------
Sanz-Azkue, I. & Mezquita, I. 2022. Infernutik dator edertasuna. Elhuyar aldizkaria. 345. Zenbakia. 4-15. orrialdeak. 2022-03-01
2021-12-01. ANFIBIOAK/ZIENTZIA/GAIXOTASUNAK
2021eko maiatzan jaso nuen bigarren aldiz zientzia-kazetaritzako CAF-Elhuyar saria. Bi hilabetera jarri zen kontaktuan nirekin Aitziber Agirre, Elhuyar aldizkariaren zuzendaria. Hurrengo aleetan erreportaje bana idazteko proposamena egin zidan, eta gustu handiz eta pozik hartu nuen eskaera.
Hainbat gai proposatu ostean, anfibioen gaixotasunei buruz idaztea pentsatu genuen. Ez ziren gutxi izan egin behar izan nituen kontsultak eta irakurketak. Leku gutxian gauza asko kontatu behar...
Hala, aktualitateko gaia, eta era berean, etorkizunean pisu handiagoa hartuko zuena, paperean jarri genituen, eta bide batez, gizartera zabaldu.
---------------------------
Sanz-Azkue, I. 2021. Anfibioen gainbehera isila, gaixotasun berriek hauspotuta. Elhuyar Aldizkaria. 344. Zenbakia. 54-60 orrialdeak. 2021-12-01.
GAUR8 GEHIGARRIA_GARA EGUNKARIA
2024-11-19. ZIRAUNA/ETNOGRAFIA/ZIENTZIA.
Ziraunak izan du bere fama puntua; ez uste! Jainkoarekin hitz egiten duena ez baita edonor. Eta diotenaren arabera, ziraunak jaun ahalguztidunarekin izan zuen elkarrizketa bat. Eskuz esku eta ahoz aho ibili dira, belaunaldiz belaunaldi, zirauna eta hari loturiko kondairak Euskal Herriko etxe askotan. Narrasti isil honek eman du zer kontatua. Joan dira, ordea, belardiak gertu ziren garaiak. Gizakiak belazeak egunerokoan zapaltzen zituen egunak. Asfaltoan bizi garenetik, zirauna urrundu egin zaigu, eta ahaztu, ez dela edonor. Narrasti irristari honek bai baitu bere sekretua. Nola lortu, bestela, famaren erdian zientziari iskin egitea? Zientzialarien begietara arretarik ez deitzea? Erantzuna Hernaniko baserri batean eman ziguten: ziraunak itzuri egiten du.
Ziraunak itzuri egiten du | erritarrak | GAUR8 - mila leiho zabalik
----------------------------------------------------------------
Sanz-Azkue, I. 2024-10-19. Ziraunak itzuri egiten du. Gaur8 gehigarria. Gara egunkaria.
2024-06-08. URMAEL/ESPEZIE EXOTIKOAK/HEZIKETA
Izaten dira, derrepentean, gure bizitzan protagonismoa hartzen duten gaiak. Ez guk aukeratu dugulako, baizik eta gure inguruko jendeak gai horiek gogorarazten dizkigulako behin eta berriz. Hori gertatu zen 2024ko maiatzean. Hainbat tokitatik, hainbat pertsonak galdetu zidan ea arrainik aska zeazakeen urmaelean, edota kontatu zidaten arrain gorriek zein arazo eman zuten haien putzuan eta proiektuetan. Eta hala, konturatu nintzen, nik jakintzat ematen nuen arrain gorrien problematikaren gaia jendartean ez zela horren ezaguna. Eta ezin eutsi horri buruz idazteko tentazioari, aizue...
Arrain txiki bat berea ez den urmaelean | herria | GAUR8 - mila leiho zabalik (naiz.eus)
---------------------------------------------------------------
Sanz-Azkue, I. 2024-06-08. Arrain txiki bat berea ez den urmaelean. Gaur8 gehigarria. Gara egunkaria.
2024-05-04. HAREATZAK/MUSKER BERDEA/GIZAKIAREN ERAGINA
Ez da oso ohikoa, ez. Musker bat itsasertzeko olatu txikien artean bainua hartzen topatzea ez da arrunta, egia esan; baina batek daki, gizakiak Euskal Herriko hareatzak desagerrarazi, eraldatu eta beretzat hartu aurretik nola ibiliko ote ziren animaliak hondartzetan eta dunetan. Izan daiteke kasu berezi bat. Edo bi, hobeto esanda. Bi izan zirelako Zarauzko plaian topaturiko muskerrak. Biak urte berean. Bata, bainua hartzen itsasoan. Bestea, jendez beteriko hondartzaren erdian, itsasora bidean, toalla artean. Eta horrek arreta eman du adituen munduan, hausnarketarako gaia sortu duelako: gizakirik gabeko hondartzan, muskerrek zein jarrera izango ote lukete?
--------------------------------------------
Sanz-Azkue, I. 2024-05-04. Musker bat olatu artean, Zarauzko plaian. Gaur8 gehigarria. Gara egunkaria.
2024-01-27. HEGAZTIAK/ESPEZIE INBADITZAILEAK/HERRITAR ZIENTZIA
Txio bat bota zidaten. Ez txoriek egiten dute horietako, ez. Twitter edo X, deitu nahi diozun moduan, sare sozialetan botatzen den txio horietako bat baizik. Zubietako errotaria zen, Edorta Amurua, eta hegazti txiki baten argazkia jarriaz, zera galdetzen zuen: Ba al dakizue zein espezie den hau?
Eta hortxe zegoen, joaldunak Zubietan ateratzen diren garai beretsuan, Leiotrik mokogorria berriz ere bueltaka nire aurrean. Izan ere, txori txiki honekin aurretik izan nuen harremana, eta aurreneko aldi hori ere, ezin kuriosoagoa izan zen. Hortik sortzen da erreportaje hau egiteko ideia.
--------------------
Sanz-Azkue, I. 2024-01-27. Leiotrix mokogorria: Txori asiar bat joare artean. Gaur8 gehigarria. Gara egunkaria.
2023-11-25. HAUSNARKETA/IKERKETAK/ZIENTZIA
Hiru biologo mahai baten bueltan, solasean. Behatzaileak dira eta behaketarako txoko propioak dituzte. Azken urteotan gauza arraroak ikusten ari dira, espezie desberdinak espero ez diren tokian, garaian, jardueran; apoak eta baso-igel gorriak azaroan ugaltzen, une berean uhandreak putzuan, sugeak aktibo, sugandilak ugal garairako prestatzen... Gure planeta, gure bizilekua, aldatzen ari da, gure begien aurrean. Ez genuke beste aldera begiratu behar.
--------------------
Sanz-Azkue, I. 2023-11-25. Igeltxoak ikertzea... eta beste kontu serio batzuk. Gaur8 gehigarria. Gara egunkaria.
2023-10-21. PARKE URBANOAK/ANFIBIOAK/HEZKUNTZA
Kafetxo baten aitzakian ateratako erreportajea da irakurriko duzuna. Orduan izan bainuen Floridako parkeko txantxikuen berri. Istorio berezi honetan historia, hezkuntza eta biodibertsitatea ikusiko dituzu nahasten.
Gasteizko hirigunean bada Florida izeneko parke bat. Eta parkearen barruan, urmael artifizial bat, arbola zaharren artean. Porlanezko putzu horrek ez ditu ekosistema aberats baten ezaugarrietako asko betetzen, baina badu bitxikeria bat: hirigunean dagoen txantxiku arruntaren bizitoki bakarra da. Hobe esanda: bakarra zen…
------------------
Sanz-Azkue, I. 2023-10-22. Kantu berri bat horm zaharren artean: txantxikuaren birkonkista. Gaur8 gehigarria. Gara egunkaria.
2023-07-11. ZIENTZIA HERRITARRA/SARE SOZIALAK/KAPARRAK/EUSKARA.
UEUk Bilbon antoluriko ikastaroetara joan ginen Aitor Cevidanes eta biok. Aitorrek mahai inguru bat bideratu behar zuen. Nik hitzaldia eman. Eta hala, A8 autopistak askorako eman zuen, gai ugari atera baitziren hizketagai.
Iritsi ginen Bilbora, eta sugandilez eta kaparrez ari ginela, etorri zitzaigun galdera: "Zenbat izen izango ote ditu kaparrak euskaraz?". Eta galdera hori bera erabili genuen akuilu moduan sare sozialak martxan jarri eta jendearen erantzunak jasotzeko.
Izan ere, sare sozialak ere izan daitezke tresna interesgarri bat dibulgatzeko eta zientzia herritarra bultzatzeko. Erreportajean zehar azaltzen direnak irakurri besterik ez duzue!
-----------------------------
Sanz-Azkue, I. 2023-07-11. Kapar bat txio artean. Gaur8 gehigarria. Gara egunkaria.
2023-01-07. KLIMA ALDAKETA/BIODIBERTSITATEA/ZIENTZIA EZAGUTZA
Zozoak kantuan hasiak dira. Haritzak hostoberritzen eta uhandreek ugal garaiko ezaugarriak garatu dituzte jada. Ezer berririk ez horiek guztiak martxo inguruan gertatuak direla esango banizu, baina ez da hala. Abenduaren 28a da. Negua hasi da, ustez. Tenperatura altuekin gabiltza azken egunetan eta urte bukaerak udaberri usaina hartu du une batez. Izango al dugu negurik? Nolakoa da udaberri osteko negua? Galdera asko erantzunik gabe. Klima larrialdiaren erdian, epe luzeko ikerketak falta dira Euskal Herrian. Behaketa solteak eta ikerketa txikiak izan gabe, zientzialariak biodibertsitatearen gainbehera isilari pultsua hartzen joateko guneak. Laborategi naturalak, behaketa soilek ez baizik eta datuek hitz egin dezaten buruan ditugun galderei erantzun bat emateko.
---------------------------------
Sanz-Azkue, I. 2023-01-07. Uda azkenik gabeko urteak, negurik ba ote? Gaur8 gehigarria. Gara egunkaria.
2022-07-30. DRAGOITXO ARRUNTA/KLIMA ALDAKETA/FISIKA
Mediterraneoan ikusi nuen lehenbiziko aldiz. Egongelan nengoen eserita, eta itzal baten mugimendu azkarra sumatu nuen horman gora. Ez nekien zer zen, baina garbi nuen animalia bat zela... paretan gora igotzeko gaitasuna zuen animalia.
Geroztik behin baino gehiagotan ikusi nuen Dragoitxoa. Iberiar penintsula hegoaldean, Kanariar irletan, Frantzia mediterraneoan eta... Euskal Herrian! Nork esango zigun, klima mediterraneoko animalia hau gurean ikusiko genuenik.
Erreportajea idatzi dut, geko honek bi gai interesgarri lantzeko ematen duen aukera baliatuz. Izan ere, Dragoitxo arruntaren barruan, klima aldaketatik hasi eta nano egituretaraino ere hitz egin daiteke. Pentsa!
----------------------
Sanz-Azkue, I. 2022-07-30. Dragoi txiki bat egongelako horman. Gaur8 gehigarria. Gara egunkaria.
2022-05-28. SOLDANELLA VILLOSA/BOTANIKA/BIOLOGIA/HEZKUNTZA
2022ko maiatza hasieran joan ginen Aranzadiko Botanika Saileko Anaïs Mitxelena eta biok Leitzarango erreka bat aztertzera. Aurkitu genituen mehatxaturiko hainbat espezie, eta tartean, ur salto handi eta eder bateko horma bustian, ur negarrean, azaldu zitzaizkigun Soldanella villosak loretan. Orduan konturatu nintzen, halako landare berezi eta eder batek ez zuela oraindik merezitako erreportajerik jaso. Mundu osoan, Euskal Herrian eta inguruan baino ez dagoen espezieak ez zuela ezagutaraziko zuen txokorik. Hala idatzi nuen ondoko erreportajea. Kuttuna dudan landare honi, kuttunak ditudan bailara mota baten erditik abiatuta.
--------------------------
Sanz-Azkue, I. 2022-05-28. Soldanella villosa, altxor bat ur negarrean. Gaur8 gehigarria. Gara egunkaria.
2022-03-12. HEGAZTIAK/AHOZKO ONDAREA/EUSKARA
Ana Galarragak txio bat jarri zuen Twitterren. Bertan, txori kantuei buruzko ikerketa baten berri ematen zuen: txori kantuak gero eta homogeneoagoak dira eta gero eta gutxiago entzuten dira. Sare sozial horretan bertan erantzun nion Anari: "hizkuntzen bide beretik, orduan".
Ana eta bion elkarrizketa irakurri, eta Gaur8-ko Amagoia Mujikak idatzi zidan segituan: "Iñaki, Twitterren idatzi duzuen gai horri buruzko erreportajea idaztea nahi dut". Baietz esan nion, baina bi baldintzekin: lanpetua nenbilela eta neronek jarri nahi nuela erritmoa, eta bestetik, nire modura moldatuko nuela testua. Eta Amagoiak, baietz. Hala idatzi nuen erreportajea, sare sozial horretan bertan asko zabaldu zena, gainera. Txori kantuen isil ez daitezen, gu zalaparta ateratzeko prest gaude.
------------------------------
Sanz-Azkue, I. 2022-03-12. Isildu dira txori kantuak. Gaur8 gehigarria. Gara egunkaria.
2021-02-27. BASOA/EKOSISTEMAK/KUDEAKETA
Elkarrekin ikasi genuen Biologiako Lizentziatura Asier Herrerok eta biok. Urtero gelakideak izan ginenok egiten dugun sagardotegi batean kontatu zidan zertan ari zen lanean. Asko interesatu zitzaidan gaia, eta "egunen batean, honi buruz idatzi behar dut" esan nion Asierri.
Tornado bat, ia deuseztutako baso eremu bat eta horren etorkizunari buruzko gogoeta sartzen ziren gaiean. Bertakoa zen, baina era berean, mundu mailako arazoa ere bazena. Asierrek pasatako ikerketak oinarri hartuta, eta Arabako eredua kontuan izanda idatzi nuen erreportajea.
Asier bera eta biok oso gustura geratu ginen emaitzarekin. Asko zabaldu zen eta oihartzun polita izan zuen. Hausnarketarako gaia jarri genuen mahai gainean.
-------------------------
Sanz-Azkue, I. 2021-02-27. Mesedez, ez asaldatu ekosistemak gehiago. Gaur8 gehigarria. Gara egunkaria.
2021-01-02. FAUNA/SUGANDILAK/ZIENTZIA/HEZKUNTZA
2020ko azaroan neguak ez zuen etortzeko gogorik. Eguzki izpiek ez zuten gogor jotzen, baina nahikoa berotzen zuten; eguerdi aldera sugandilak ateratzeko adina.
Behatzen hasi ginen. Sugandilen mugimenduak aztertzen, eta haien jokamoldea nolakoa zen ikasten. Eta noski, geure buruari galderak egiten: zergatik egingo ote dute hala? Zergatik bi sugandila horiek beti elkarrekin?
Eta hala, Alberto Gosáren istorioaz gogoratu nintzen. Albertok Nafarroako herri txiki batean orduak pasa zituen bertako sugandilak behatzen eta aztertzen, eta ikusi zuen, agian, horma zahar horretan zegoela klima aldaketaren lehen zantzua.
Lan honek bideo eta irudi zahar bat azaleratu zituen, erreportajeari ukitu berezia emanez. klik!
-------------------------
Sanz-Azkue, I. 2021-01-02. Gizakiak sugandilari behatzen dionean… Gaur8 gehigarria. Gara egunkaria.
2020-04-18. FLORA/LORATEGIAK/EKOSISTEMA URBANOA/LANDARE ITSUTASUNA/AHOZKOTASUNA
Itxialdi betean, etxe pareko parkeetako belardiak loratzen ikusten genituen. Hain zen berezia momentua, hain zen berezia egoera, loraketak berak alaitasuna sortzen zuela. "Bizitzak aurrera darrai, gu hemen barruan gauden arren..."
Lorategietako langilerik ez eta, landareak loratzen hasi ziren, eta karnabak gure parkeetara gerturatzen. Zomorroak lorez lore eta kolore guztietako parkeak izan genituen aste batzuetan.
Erreportajea idatzi eta dudan ohiturari jarraitu nion. Konfidantzazko lagun bati pasa nion zuzentzeko. Askotan egin ohi dudan kontua da. Egun horretan baina: "Iñaki, sentitzen dut, baina ez zait gustatu" esan zidaten. Agian gehiagi arriskatu ote nintzen, egunkari batean kontakizuna sartzen, errealitatea eta ipuina nahasten... arrazoia zuen: arrisku handia hartu nuen.
Buruak, ordea, aurrera egiteko esaten zidan, eta aldaketa batzuk egin ostean, Amagoia Mujikari bidali nion, Gaur8-rako. Hari, ordea, asko gustatu zitzaion. Publikatu eta oso irakurria izan zen. Noizbehinka lagunen ezezkoa jasotzea gauza ona da. Osasuntsua, norbere burua kokatzeko. Gogorra izan daiteke, baina beharrezkoa da egindako lanak hobetu eta batzuetan gauzak gaizki egiten direla onartzeko. Emaitzarekin, ordea, denok gelditu ginen gustura.
-----------------------
Sanz-Azkue, I. 2020-04-18. Loraldi isolatuak. Gaur8 gehigarria. Gara egunkaria
2020-03-28. BIODIBERTSITATEA/BEHAKETA/COVID-A/ZIENTZIA
Konfinamendu betean ginen. Onartuko dut: ez zen nire momenturik onena. Lanez gainezka, tele-lana, etxeko kontuak kudeatu beharra...
Gara egunkariko Gaur8 gehigarriko Amagoia Mujikak deitu zidan. Berriketan hasi ginen, nola ez, bizitzen ari ginen egoeraz. Eta solasaldiak nire hausnarketak azaltzera eraman ninduen. Zer pentsatua ari zidala ematen gaiak eta abar luze bat aipatu nizkion.
Deia moztu aurretik, Amagoiak hala esan zidan: "Iñaki, kontatu didazun horri buruzko erreportajea idatziko zenuke?". Ezetz esan nion. Sentitzen nuela, baina ez nengoela idazteko egoeran. Eta hala utzi genuen kontua.
Amagoiarekin izandako elkarrizketak, alabaina, hausnarketa gehiagotara eraman ninduen, eta gorputzak barruko hori askatzeko beharra ikusi zuen, burua lehertu aurretik. Hala egin nuen. Amagoiari ezer esan gabe, idatzi, eta zirriborroa bidali nion. "Bikaina da, Iñaki" izan zen erantzuna.
Asmatu zuen Amagoiak, itxuraz. Izan ere, 2020ko zientzia-kazetaritzako artikulu onenaren CAF-Elhuyar saria jaso zuen erreportajeak.
-------------------------
Sanz-Azkue, I. 2020-03-28. Etxeko leihoak naturaren behatoki. Gaur8 gehigarria. Gara egunkaria.
2020-01-11. BASO-IGEL GORRIA/KLIMA ALDAKETA/HEZKUNTZA
Askotan esan ohi digute udaberrian natura lo egon ohi dela. Horregatik, herpetologook sarri jarri ohi dugu baso-igel gorriaren adibidea. Neguan ugaltzen den anfibioaren kasua, alegia.
Negu bete-betean, klima larrialdiaren gaia pil-pilean zegoela, hezkuntzarako ideia berrien beharra eta beste hamaika kontu anfibio berezi honi buruz kontatzeko; horiek denak elkartu ziren nire buruan. Testuinguru horretan, animalia arrunta izanik ere, baso-igel gorriari buruz idatzi beharra nuela sentitu nuen.
Izan ere, sarri, inguruan ditugun espezie arruntenei egiten diegu kasu gutxien, eta hala, haien ezagutza behera joan ohi da, eta ahaztu egiten ditugu, batzuetan, haien gainbeherez ohartu gabe.
-----------------------
Sanz-Azkue, I. 2020-01-11. Izotz azpiko igelak. Gaur8 gehigarria. Gara egunkaria.
2018-06-02. FAUNA/ANFIBIOAK/AHOZKOTASUNA/HISTORIA/KOMIKIA
EGILEAK: Iñaki Sanz-Azkue eta Alai Zubimendi
Basopean topatu nuen arrabioa. Beste behin. Kolore hori eta beltzak orbel nabarren artean; goroldio berdearen gainean. Aurretik ere egina genuen Alai Zubimendik eta biok espezie honi buruzko komiki bat, Hernaniko hainbat baserritan jasotako istorio batean oinarritua. Hain da potentea anfibio eder honek atzetik duen kontakizuna...
Alairekin hitz egin eta galdetu nion ea prest legokeen komikia Gaur8-n publikatzeko. Nik testua egingo nuela, Euskal Herritik hasi eta mundu mailaraino dauden istorioak eta kontakizunak bilduz, eta biologia sartuz eta horri bere lana gehitu.
Hala egin genuen. Geroztik, Alai Zubimendik, hilean behin komiki bat egin ohi du Gaur8rako. Egin zuena ederra izan zenaren seinale!
----------------------------
Sanz-Azkue, I. 2018-06-02. Arrabio arrunta, basoaren eta istorio zaharren babesean. Gaur8 gehigarria. Gara egunkaria.
2018-05-05. HEGAZTIAK/SORBELTZAK/ARKITEKTURA
Egoitz Alkortak eta biok "Hernaniko anfibioak eta narrastiak" izeneko liburua atera berri genuen. Amagoia Mujikak deitu gintuen elkarrizketa bat egin nahi zigula esanez. Han ezagutu genuen elkar. Ereñotzuko putzuxarren. Nire izena ezaguna egiten zitzaiola eta... berriketan hasi ginen. Nik, ordurako, Argian idazten nuen. Hala bota zidan ea egunen batean animatuko ote nintzen Gaur8n idaztera.
Esan eta egin. Ordurako banuen erreportaje honen zirriborroa egina. Sorbeltzak iristear ziren Euskal Herrira (baita gure etxeko teilatura ere) eta une ezinhobea zen hegazti eder hauei buruz idazteko, eta zergatik ez, horien kontserbazioan berebiziko garrantzia duten arkitektoei mezu bat bidaltzeko.
Hau izan zen Gaur8n idatzitako nire lehenbiziko erreportajea.
------------------------
Sanz-Azkue, I. 2018-05-05. Sorbeltzak arkitekto (sentsibilizatu) bila dabiltza. Gaur8 gehigarria. Gara egunkaria.
URUMEAKO KRONIKA
2024-03-23. KLIMA ALDAKETA/ZIENTZIA/URTAROAK
Joan zaigu negua Urumea bailaran. Negua, hala deitzerik badago igaro berri denari. Azaroa udaberritu zaigu eta ilbeltza ez da izan uste genuena bezain iluna. Tenperaturak, altuak, eta izotzik ez apenas gure inguruan. Ahaztu zaizkigu garai bateko elurteak eta urte amaierako eta hasierako hotz amaigabeak. Negurik gabeko etorkizunera omen goaz klima aldaketaren bidetik, eta orain, udaberriaren atarian, inork ez du atzera begiratuko. Pasa da, bai. Pasa da aurtengoa ere, baina galdera bat erantzun gabe joan zaigu: Negurik gabeko Urumea, nolako Urumea izango da?
-------------------------------------
Sanz-Azkue, I. 2024. Negua desagertzen denean... 2024-03-23. Urumeako Kronika.
2023-10-21. UHANDRE PIRINIOTARRA/IKERKETA/GOIZUETA
2019ko udan hasi genuen abentura berri hau. Goizuetako festen aurreko egun batean gerturatu ginen Goizuetara, uhandre piriniotarraren arrasorik ba ote zen aurkitzera. Bertako errekek anfibio berezi hau egoteko baldintza guztiak betetzen zituzten, baina... zientziaren arloan daturik ez genuen bere presentziari buruz.
Abuztuko egun eguzkitsu hartan ilusioak gainezka egin zuen. Non eta Goizuetan, ia etxean bertan aurkitu baikenuen uhandre piriniotarra. Ordutik, ikerketak aurrera jarraitu du, betiere Goizuetako bizilagunen laguntzarekin, eta jada lau urte hauetan laborategiko lanetan ere sartu gara. Uhandre piriniotarra eta klima aldaketa oinarri dituen ikerketa lanak dira orain pisu gehien hartu dutenak.
----------------------------
Sanz-Azkue, I. Uhandre piriniotarra: Altxor txiki bat Urumeako erreketan. 2023-10-22. Urumeako Kronika.
2022-11-05. NATURA/UDAZKENA/DIBULGAZIOA
Udazkena natura itzaltzen hasten den momentua dela entzun izan dugu maiz. Eta izaten dugu sentsazioa bat, hostoen koloreak aldatzen hasten direla eta hori dela urtaro honek eskaini diezaguken guztia.
Mendira joaten urteak daramatzagunok oso ondo dakigu, ordea, udazkena hori baino gehiago dela, eta izaten dela, naturaren pizkunde txiki bat, non espezie batzuk bizilekua aldatzeko erabiltzen duten, beste batzuk ugaldu eta baita fruitua bota ere.
Urumeako Kronikako Beñatek erreportajea idazteko eskatu zidanean (nahi duzun gaia, nahi duzun doinuan eta neurrian...) pentsatu nuen aukera paregabea izan zitekeela horri buruz hitz egiteko.
Aukera ere ez nuen galdu, eta egun gutxira irteeratxo bat egin nuen Urumea bailarara, buruan nituenak naturaren gertaerak momentu horretan ikusgai zeuden jakiteko, eta hala, argazkiak ere momentuan atera ziren. Erreportajea eta argazkiak, beraz, garaian garaikoak eta kilometro 0.
-------------------------------
Sanz-Azkue, I. Udazkena pizten denean... 2022-11-05. Urumeako Kronika.
2022-04-23. NATURA/EUSKARA/IDENTITATE KULTURALA
2021eko abenduan Lorea Agirrek eta biok "Euskara, faminismoa eta natura txirikordatuz" izeneko hitzaldia eman genuen Altzon. Gogoan dut aipatu zidatela, haiek jakin nahiko luketela ea euskara galduko balitz, horrek eraginik izango ote zukeen naturan. Galdera zuzena bezain zaila zen erantzuteko.
Aste batzuk beranduago, Urumeako Kronikako Beñat Los Arcosi aipatu nion nola Altzon galdera zail bat egin zidaten, eta hari buruzkoak aipatu nituen bertako hitzaldian. Aurretik gutxi ez eta, Beñatek hordagoa bota zidan: "Iñaki, eta galdera horren erantzuna erreportaje moduan idatziko bazenu, baina Urumeako adibideak jarriaz?". Nire aurpegia ikustekoa izango zen. Denbora gutxira, ordea, Beñati deitu nion:
Egina dut zirriborroa, Beñat. Hala, Urumeako Kronikako erreportajea Euskal Herriko puntu ezberdinetara iritsi zen. Sare sozialek hortan laguntzen baitute!
----------------------
Sanz-Azkue, I. Urumeako natura, euskararen babesean. 2022-04-23. Urumeako Kronika.
2021-12-04. IZOKINA/HISTORIA/AHOZKOTASUNA
Biologiako lizentziatura atera berritan Urumea ertzean eseritzen nintzen abenduko egun hotzetan. Oraindik ere egiten dut, urtero. Izugarri gustatzen zait izokinak errioan gora igotzen ikustea. Pentsatzea ere milaka kilometro egin dituela berriz ere jaio den lekura bueltatzeko! Magia hutsa da.
Ikusi izan dut ere nire burua Hernaniko Udal Artxiboan eserita, izokinei buruzko dokumentu eta akta zaharrak irakurtzen. Bai eta bailarako baserrietako sukaldeetan, arrantzale zaharrak elkarrizketatzen, izokinaren munduari buruzko ahozko ondarea biltzen.
Hargatik, lehenago edo beranduago, iritsi behar zen erreportaje hau idazteko unea. Eta zorionez Josu Narbarterekin elkarlanean egiteko aukera bikaina izan dut. Historia eta natura uztartu ditugu bion artean. Izokina ondarea ere badelako.
--------------------------
Sanz-Azkue, I. Izokina Urumean: arrain eta ondare. 2021-12-04. Urumeako Kronika.
2021-06-05. URUMEA/IRAUNKORTASUNA/HISTORIA/ZIENTZIA
Urumeako Kronikako kazetaria den Beñat Los Arcosek deitu zidan mugikorrera. "Iñaki, iraunkortasunari buruzko gehigarri berezi bat egin nahi dugu eta pentsatu dugu ederra litzatekeela zuk erreportaje bat egitea Urumeako naturaren iraunkortasunari buruz."
Lasai bota zidan Beñatek. Eskatzen zuena erraza balitz bezala... Hala esan nion, erdi-brometan, baina oso zaila zela eta ez nekiela horren gai orokorra modu txukunean eta erakargarrian, eta gainera, maila lokaleko adibideekin josteko gai izango ote nintzen. Erronka bota zidan eta... saiatuko nintzela esan nion.
Idatzi eta bidali egin nien. Egia esan, oraindik ere ez dakit nola demontre konpondu nintzen horrenbeste ertz lotzeko erreportaje berean. Kontua da, publikatu zela, eta bai Kronikakoak, bai neroni gustura geratu ginela.
-------------------------
Sanz-Azkue, I. Urumeako natura iraunkortasunaren begiradatik. 2021-06-05. Urumeako Kronika.
2021-04-24. URUMEA/NATURA/BIODIBERTSITATEA/UDABERRIA
Jolas txiki baten modukoa izan zen. Urumea bailara bigarren etxea da niretzat. Orduak pasatakoa naiz bertako erreka, bidezidor, baso eta iratze leku artean bueltaka. Ondo asko ezagutzen ditut bertako txoko eta zoko ezberdinak. Udaberriaren etorrerari buruzko erreportajea idazteko eskatu zidatenean, hasi eta buka egin nuen. Di-da.
Buruan dagoen informazio guztia modu laburrean jartzea ez da erraza izaten, baina batzuetan, hariari ondo heltzen dionean idazleak, tira eta tira... erreportajea bakarrik joan ohi da. Eta hala etorri zen hau, barrutik kanpora ateratzeko beharra balu bezala.
Bihotzean daramadan bailara eder honi buruzko hitzek aspalditik atera nahiko balute bezala.
---------------------------
Sanz-Azkue, I. Loratu da Urumea. 2021-04-24. Urumeako Kronika.
2021-02-06. FAUNA/ANFIBIOAK/MEHATXUAK/KUDEAKETA
Arduratuta idatzi ninduen amak. Aita eta biak paseoan zebiltzala, hainbat apo ikusi zituzten hilda Hernaniko Santa Barbarako putzu inguruan. Ez zen halako mezuren bat jasotzen nuen aurreneko aldia. Esango nuke, urtero-urtero jasotzen dudala baten bat, puntu ezberdinetan hilotzak ikusi dituzten pertsonek bidalita.
Apoak hilda ikusten dituenak galdera asko izan ohi ditu buruan, eta maiz, erantzun gutxi. Hargatik, Urumeako Kronikarako erreportajea idatzi eta publikatu genuen bertan. Kalbario bidean zehar hiltzen dira Santa Barbarako apoak. Horrenbeste hernaniarren paseorako bidea den honetan gertatzen denaren berri ematea zen helburua.
Horren ezaguna den, eta era berean, horren ezezaguna zaigun anfibio honi buruzko idatziak begiak irekitzeko modu bat izan nahi du.
---------------------------
Sanz-Azkue, I. Santa Barbarako zapoen kalbarioa. 2021-02-06. Urumeako Kronika.
HERNANIKO URTEKARIA
IGARABA HERNANIN: ITZULERA POZGARRI BATEN KRONIKA, 2022
NATURA/BIODIBERTSITATEA/HERNANI
75 urte igaro dira jada, gutxi gorabehera, Hernanin azkeneko aldiz igaraba ikusi zenetik. Hala diote, behintzat, Ereñotzu inguruko testigantzek. Ordutik, arrastorik ez. Desagertu egin zen, baina ahozko ondareari esker, gaurdaino iritsi dira herritarren memorian gelditutako kontakizunak eta ezagutzak. Hargatik, agian, ezustean, baina pozik jaso genuen 2021eko abenduko berria: itzuli da igaraba Hernaniko erreketara.
SANTA BARBARAKO PUTZUA: IRAGANEAN MURGILDU ETORKIZUNA BILATZEKO, 2021.
NATURA/HISTORIA/ETNOGRAFIA/HERNANI
Santa Barbarako putzua edo lakua oso gune ezaguna da hernaniarrentzat. Gutxik dakite, ordea, hezegune hau ez dela naturala, gertaera historiko berezi baten ondorioa baino ez dela. Erradiografia txiki bat egin nion putzuaren historiari, metak, geologia, harrobia eta natura uztartuz.
ARROBIYUA, 2016
EGILEAK: ALAI ZUBIMENDI, IÑAKI SANZ-AZKUE ETA EÑAUT AGIRRE.
NATURA/KULTURA/KONTAKIZUNAK/FAUNA/ANFIBIOAK.
Alai Zubimendik egindako komiki eder hau da erreportajearen ardatza. Arrabioari buruz hitz egiten duen eta Hernaniko baserrietan oso zabaldua dagoen istorio batean dago oinarritua. Ahozkotasunaren bidez jada zabaltzen ez den kontakizunari komiki bidez eman nahi izan diogu irteera, belaunaldi berrietara igarotzeko errazagoa suerta daitekeelakoaren esperantzaz.
ELUR-TXORIKO ELUR-TXOIYAREN ARRASTOEI SEGIKA, 2015.
NATURA/FAUNA/KULTURA/HEGAZTIAK/HERNANI
Hernanin bada Elur-txori izeneko elkarte bat. Elur-txori... izenak berak beti deitu dit arreta. Nondik ote dator? Zein hegaztiren izena izango ote da Elur-txoria? Sasi-ikerketa baten hariari jarraituz idatzitako erreportajea da honakoa. Arrastoei segika kontaturiko istorio txiki baten antzera barneratuko zaituena, ziur asko, ezezaguna izango zaizun mundu batean.
UR-ZOZOA: ERREKAN GORA ERREKAN BEHERA, 2014.
NATURA/FAUNA/HEGAZTIAK/URUMEA
Urumean gora eta behera ibili ohi da ur-zozoa. Hegazti ederra da. Hegaldi bereziarekin, eta zorionez, populazio nahiko politarekin Urumea ibaian. Ikerketan ari direnei elkarrizketa eginez, eta hegaztiari buruzko datuak bilduz, osatu nuen ur-zozoari buruzko erreportaje txiki hau.
HERNANIKO IBILBIDE SAREA, 2013.
NATURA/KULTURA/HISTORIA/MENDIZALETASUNA/HERNANI
Hernaniko ibilbide sarea urtetako lana izan zen. Gure aita Iñaxio Sanz, osaba Jexux Azkue eta hiruok ibili ginen buru-belarri osatze lanetan Mendiriz Mendi Elkartekoen laguntzarekin. Bidezidor, mendiko pista eta itxitako herri-bideetan barrena aritu ginen, natura, kultura eta aisialdia lotzen dituen proiektua osatzen.
Amaitzerakoan, web orri batean jarri zen informazio osoa (material didaktikoaren atalean duzu informazioa), baina laburpen erreportaje bat ere merezi zuela eta, hala egin genuen beheran duzuen estekan ikus daitekeen moduan.
ESKULAPIOREN SUGEA: FARMAZIETATIK EPELEKO BASOETARA, 2012.
NATURA/HISTORIA/FAUNA/NARRASTIAK/HERNANI
Ereñotzuko Epele auzotik nindoala ikusi nituen bi eskulapioren suge eder akabatuak. Buruan kolpea jota hil zituen norbaitek eta errepide ertzean utzi. Egun berean, Hernaniko farmazia batean ikusi nuen eskulapioren sugea farmaziako sinboloan.
Pentsatu nuen, agian, hil zituenak suge eder honen istorioa ezagutuko balu ez lituzkeela horren erraz akabatuko . Hala, eskulapioari buruzko erreportajea idaztea bururatu zitzaidan. Sugeen fama txarra bultzatzen duten legenden kontra, ezagutza zabaltzea delako erremedio onena.
Bufo bufo, TXOTX GARAIARI BELDURRA ZION APOA, 2011
NATURA/FAUNA/ANFIBIOAK/HERNANI
Urumea ertzetik, Loidi auzotik barrena, Elorrabi aldera joaten nintzen maiz korri egitera Hernanin bizi nintzenean. Sagardotegi garai betean, euriak eta eguraldi epelak bat egiten zutenean, dozenaka apo ikusten nituen hilda lurrean.
Sagardotegi garaiak ez zion mesede askorik egiten apoen populazioari. Zergatik? Erreportajean bertan ikusiko duzu.
SORBELTZAK, HERNANIKO TURISTA LEIALENAK, 2010.
HEGAZTIAK/SORBELTZAK/HERNANI
Txikitatik barneratua dudan kantua da sorbeltzena. Hernaniko plazan izan ohi zuten habia, Madinatarren etxeko teilatuan (eraikuntzako obrekin suntsitu zituzten denak). Ekainean, San Joan festetan, gaupasa osteko lehen eguzki izpiekin nahasten ziren sorbeltzen hegaldi eta txirrio ederrak. Kale nagusian gora eta behera.
Gure koadrilako Ibai Goñi plazan bertan bizi zen, eta marrazteko zuen esku ona ikusita, hari eskatu nion etxeko leihotik begira marratuko ote zuen nire erreportajearen azala.
NERE BORDA, HERNANIKO LORATEGI BOTANIKOA, 2009
EGILEAK: Iñaki Sanz-Azkue eta Anaïs Mitxelena
NATURA/FLORA/PARKE BOTANIKOAK/HISTORIA/HERNANI
Hernanin bada Nere Borda izeneko lorategi botaniko txiki bat. Hernaniko Udalak erosi zuen 2000. urtean. Lorategiaren jatorriak nire jakinmina piztu zuen eta aztarnen bila hasi nintzen.
Hala, II. mundu gerraren erdian, Hernanira etorritako jatorri judutarreko Kurt Halleren eta bere emazte alemaniarren berri izan nuen. Haiek sortu omen zuten lorategia. Hariari tiraka, familia berezi horren eta lorategi botanikoari berari buruzko informazioa lortu nuen, erreportaje txiki eta berezi hau osatzeko.
IZOKIN ATLANTIARRA URUMEA IBAIAN, 2008
IZOKINA/FAUNA/ONDAREA/URUMEA
Esango nuke hau dela publiko egin dudan nire lehen erreportajea. Aurretik ere idazten nuen noizbehinka, baina sekula ez zabaltzeko asmoz. Eta zergatik idatzi Hernaniko Urtekarian?
Gure aita Iñaxio Sanzek urteak eraman ditu Hernaniko Urtekariko erreportajeak koordinatzen eta zuzentzen. Hala, 18 urte nituela, jada, nik ere zuzenketekin laguntzen nion etxean.
2008an, izokinaren jarraipena egiteko proiektuan lanean ari nintzela, agian zuzendu ordez, idazten hasteko garaia ere bazela pentsatu zuten, eta hala idatzi nuen nire lehen erreportajea.