Etnografia

ARGIA ASTEKARIA

2018-05-27. OFIZIO ZAHARRAK/BASERRIKO MAKINARIA/ARTISAUTZA/LAZKAO.

Lazkaoko Enpaundi baserrian aurkitu nituen makina, tresna eta garai bateko baserrietako ofizio zahar ezberdinei loturiko hainbat artisau lan. Juan Joxek, Mari Carmenek eta María Elenak, urtero-urtero, Lazkaoko "Basherri eguna" ospatzeko ofizio zahar bat berreskuratzeko ahalegina egiten zuten (eta egiten du oraindik ere Mari Carmenek). Eta hala, ia hutsetik sortzen zituzten beharrezko herramintak, informatzen ziren garai bateko lana egiteko moduaz, eta ofizioari zegozkien datu ezberdinez.

Lan ikaragarri horren atzean, ondarea berreskuratzeko lan ezkutu bat ere bazegoen, gutxienez baloratu eta balioan jarri beharrekoa. Hala, ez nuen zalantzarik egin, eta Lazkaora gerturatu nintzen. 

Juan Joxek, ordea, ez zuen erreportajea publikatua ikusteko astirik izan. Atera aurretik joan zitzaigun, bere ondarea betiko utziaz. 

------------------------

Sanz-Azkue, I. 2018. Lazkaoko Enpaundi baserria. Ofizio zaharrak berreskuratzen. 2018-05-27. ARGIA astekaria. 2600 alea.

2018-03-11. OTEA/LEGEAK/ARAUHAUSTEAK/GATAZKAK

Iratze mozketen informazio bila ari nintzen Hernaniko Udal Artxiboan. Txuso Gómez-ek, bertako arduradunak, pasa zizkidan hainbat dokumentu zahar, eta tartean, arreta deitu zidan kontu batekin egin nuen topo: otea mozteko arauak aipatzen ziren.

Egun zakartzat dugun otea mozteko baimena eskatu behar zen, eta horretarako, ordaindu! Hori gutxi ez eta, pulpitotik ere apaizak ematen zuen ote mota jakin bat ez mozteko agindua.

Gatazkak, epaiketak, haserreak eta beste mila kontu ezkutatzen zituen otearen historiak. Zalantzarik gabe, kontatu beharreko istorioa zen. 

---------------------

Sanz-Azkue, I. 2018. Oteak dirua balio zuenean. 2018-03-11. ARGIA astekaria. 2590 alea.


2018-02-11. 

JOAREAK/OFIZIO ZAHARRAK/DOINUAK/GOIZUETA.

Joxe Antonio eta Jexux Mari aita-semeekin geratu nintzen haien tailerrean, Goizuetan. Dani Blanco, ARGIAko argazkilaria eta biok joan ginen bertara, eta onartu beharra dut, hasiera batean, joareak egiteko moduari buruzko erreportajea idazteko asmoz nindoan. 

Elkarrizketak, ordea, beste bide bat hartu zuen. Sekula pentsatuko ez nukeen bide bat. Eta hala, joareen aitzakian, soinuez, doinuez eta ia musikaz hitz egiten amaitu genuen. Izan ere, joare ona egiteko, belarri fina izan behar baita. Joaregileak belarriarekin egiten dituelako joareak, eta hala afinatu. 

Ez dut sekula ahaztuko elkarrizketa hura. Hain gertu, eta era berean, horren urrun nuen mundu berri bat ezagutzeko aukera eman zidan solasaldi ederra. 

----------------------

Sanz-Azkue, I.  2018. Belarri finetik soinu oneko joaera. 2018-02-11. ARGIA astekaria. 2586 alea.

2017-06-25. ZINTZARRIAK/ARTZANTZA/SASI-ARDIAK

Ez naiz ereñotzuarra, baina bertan edo inguruko parajeetan pasatako orduek kontatuko balute, dagoeneko izango nintzateke pixka bat behintzat. Horietako egun batean, Jon Mari Beasainekin berriketan ari nintzela, azaldu zen Joxe Luix, aita. Garajean zituen zintzarri edo joale ezberdinak ikusi eta galdezka hasi nintzaion, ea bereak ziren.

Harrituta utzi ninduen kontatu zidanak. Joale bakoitzari izen bat eman zion, eta haien atzetik, bere artzain denboretako kontakizunak etorri ziren, sasi-ardiekin Urumeako magal malkartsuetan ibiltzen zenekoak. Eta joaleei buruzkoak ere aipatu zizkidan. Joalearen soinuagatik ardia ezagutzen zuela eta, artaldea belarriarekin kontrolatzen zuela, begiekin baino gehiago.

Ezagutzen ez nuen ofizio batean sartu ninduen Joxe Luixek bere hitzekin, eta nik, gustura barneratu nuen nire burua kontakizun horretan. 

----------------------

Sanz-Azkue, I. 2017. Zintzarriak eta joareak: zarata ala musika? 2017-06-25. ARGIA astekaria. 2560 alea.

2016-09-04.

HARRAPAZKA EGUNA/IRATZEA/ARAUDIA/GATAZKAK

Nire lehenbiziko erreportajea izan zen Euskal Herri mailako aldizkari batean. Harrapazka egunari buruzko ikerketa egina genuen Ereñotzu inguruan, eta horren berri izan zuten ARGIAn. Hala, Ereñotzuko Auzo Udalarekin kontaktuan jarri, eta Harrapazkari buruzko erreportajea idazteko eskaria egin zieten auzo udalekoei. Haiek, ordea, nik idaztea egokiagoa izango zela eta... neronek hartu nuen ardura. 

Urko Apaolaza kazetariak zuzendu zuen artikulu hura, eta gutxira ARGIAtik deitu zidaten. Kazetari sena omen nuela (hara! eta ni konturatu gabe...) eta ea gai gehiago ote nituen. Bilera bat egin nuen Estitxu Eizagirrerekin ARGIAn bertan. Zerrendatxo bat pasa nien, eta hala hasi zen nire kolaboratzaile papera ARGIAkoekin. Hala hasi zen ere sekula pentsatuko ez nukeen bidea: dibulgazio erreportajeak idazten dituen biologoarena. 

-----------------------

Sanz-Azkue, I. 2016. Harrapazka eguna: auzolana eta lehia nahasten direnean. 2016-09-04. ARGIA astekaria. 2519 alea.

GAUR8 GEHIGARRIA_GARA EGUNKARIA

2023-09-23. ERROTARRIAK/EUSKAL HERRIA/ETNOGRAFIA

Kasualitatez ezagutu nuen Javi Castro. Bere lan batean jarritako argazki batek deitu zidan arreta. Errotarri bat erakusten zuen bertan, eta errotarri inguruan iratze batzuk agertzen ziren. Iratzeetan jarri nuen begirada, eta hala idatzi nion. Horren harira, errotarri-harrobi bat Goizuetan ezagutzen genuela eta, bertara joan eta batetik eta bestetik, elkarrekin Jaizkibelgo errotarri-harrobien ikerketan hasi ginen lanean elkarrekin.

Javi Castrok urteak pasa ditu errotarri-harrobi bila. Urteak mendian errotarri bila eta artxiboetan datu bila. Eta hala, ikaragarrizko ondarea pilatu du bere lanarekin. Proiektua amaitzera zihoala eta, elkarrizketa bat egitea proposatu nion. Proposatu eta egin. 

https://www.naiz.eus/eu/hemeroteca/gaur8/editions/gaur8_2023-09-23-07-00/hemeroteca_articles/aztertzen-nuen-eremu-bakoitza-errotarri-harginen-historian-ikertu-gabeko-kapitulu-berri-bat-zen

--------------------------

Sanz-Azkue, I. 2020-09-23. Javi Castro: Aztertzen nuen eremu bakoitza errotarri-harginen historian ikertu gabeko kapitulu berri bat zen. Gaur8 gehigarria. Gara egunkaria. 

2023-09-16. METAK/IRATZEA/GIZARTEA/ONDAREA

Egileak: Amagoia Mujika eta Iñaki Sanz-Azkue

Arkeologoa eta biologoa meten babesean baserritarrarekin hizketan. Hala hasi zen istorio berezi hau. Berriketan ginela baserritarrak iratze metak egiteko iratzerik ez zuela esan zigunean. Iratzea ezin zuela moztu, Aldundiak berak baino lehenago mozten zuelako makinarekin. "Hori ez duk posible..." esan genion. Eta hala, jada ia galdua dagoen bizimodu bati jarraipen pixka bat emateko aukera eman genion. Aldundiarekin hitz egin genuen.

Ordutik, Patxi Artolak jada badu bere eremua iratzea mozteko. Aldundiak utzi dio eta ez du gehiago makinarik pasako zati horretan berak moztu aurretik. Hala adostu dute. Aitzakia txarra ez egoera berezi hau Patxirekin biltzeko eta berriketan aritzeko, eta hala, Amagoia Mujikak egin zion elkarrizketa: Iratzeaz, metez eta jada lausotzen ari den bizimoduari buruz. 

https://www.naiz.eus/eu/info/noticia/20230916/metak-lausotzen-ari-den-bizimodu-baten-paisaia

-------------------------------------

Mujika, A. & Sanz-Azkue, I. 2020-09-16. Metak, lausotzen ari den bizimodu baten paisaia. Gaur8 gehigarria. Gara egunkaria.


2020-09-26. EMAKUMEAK/IRATZEA/METAK/ONDAREA

Pepita Arbide "gizonak bezala" aritzen omen zen garoa karroan kargatzen. Hala esan ziguten Ereñotzu inguruan. Pepitak bazekien emakume gutxi aritzen zela hura bezala idi parea hartu, karroari lotu eta haiek dominatzen. Izan ere, hura "gizonen lana" zen. 

Maria Rita Mirandak, ordea, iratzea mozten zuen. Emakumea garoa moztera joatea ez omen zen gauza arrunta, baina berak abilezia handiz egiten du oraindik ere. 

Lekuko horiekin izandako elkarrizketak baliatu genituen Amagoia Mujikak eta biok erreportaje bat (nik idatzia) eta elkarrizketa bat (Amagoiak egina) batera ateratzeko. Hemen Amagoiak Maria Ritari egindakoa: 

https://www.naiz.eus/eu/hemeroteca/gaur8/editions/gaur8_2020-09-26-07-00/hemeroteca_articles/inistorra-etxera-ekarri-deskargatu-eta-etxe-ondoan-metak-egiten-genituen-urte-guztirako

-----------------------

Sanz-Azkue, I. 2020-09-26. Emakumea iratze artean, gizonarenak omen diren lanetan. Gaur8 gehigarria. Gara egunkaria. 

2020-06-27. ERROTARRIAK/XVII. MENDEA/AMERIKA

Jaizkibelen errotarri harrobi bila hasi eta Ameriketara begira bukatu genuen. Ikerketa lan batzuetan sekula ez dakizu tira egin diozun hari horrek noraino bideratuko duen zure lana. Kasu honetan, gu izan ginen ezustekoa hartu genuen lehenak.

Ikerketan ordurarte ateratako emaitzak publikatu edo ez zalantzan izan ginen. Azkenean, aurrera egin eta erreportajeak zalaparta sortu zuen. Deiak jaso genituen, eta tartean, Hondarribiko Udalarekin biltzeko aukera. 

Ordutik, mendiko lanari dokumentu zaharretan egin beharreko bilaketa lanak gehitu zazkio. Sevillako Indietako Artxiboan ere izan dute gure lanaren berri. Jaizkibelgo errotarriak biraka hasi ziren eta ez dakigu noraino iritsiko ote diren...

Sanz-Azkue, I. 2020-06-27. Errotarri formako aurkikuntza eder bat. Gaur8 gehigarria. Gara egunkaria.

2019-01-26. TOPONIMIA/EUSKARA/BERTSOAK/ONDAREA

Ezagutu nuen halako batean non zegoen "Haurra galdu zan harriya". Alkatxuingo anaiek bideratu ninduten eta hala bertaraino iritsi ahal izan nuen. Izan ere, "Haurra galdu zan harriya" ez da edozein harri. Bere atzetik historia oso bat duen harria da. Istorio oso bat, Txirritaren bertso batekin datorrena, eta lupaz aztertuz gero, informazio asko ematen diguna.

Gezurra dirudi leku-izen batzuen atzean dagoen ahozko ondarea zenbatekoa den. Azaltzen dira ume bat, arrano gorri bat, ahuntz kontura doan andre gazte bat... 

Mila istorioz osaturiko harkaitz handia da "Haurra galdu zan harriya". 

------------------

Sanz-Azkue, I. 2019-01-26. “Haurra galdu zan harriya”. Gaur8 gehigarria. Gara egunkaria. 

HERNANIKO URTEKARIA

GARAGARDOA EGITEKO LUPULU LANDAKETAK URUMEA BAILARAN, 2020.

ETNOGRAFIA/HISTORIA/OFIZIO ZAHARRAK/URUMEA.

Hernaniko urtekaria artxibo txiki baten gisakoa da. Bertan aurkituko dituzu, esaterako, beste leku askotan publikatu ez diren Hernaniko kontuak. Edota batzuetan, kasu honetan bezala, beste aldizkariren batean publikatu bada ere, Hernanira moldatuta idatzi diren erreportajeak.

Artxibozainak esan zidan, Urtekarian lupuluaren gaiak lekua behar zuela, eta hala, aurretik idatzitakoak eta idatzi gabekoak nahastuta, atera zen hemen duzuen erreportajea. 

ZINTZARRIK ETA JOALIAK: ZARATA ALA MUSIKA?, 2O17.

ETNOGRAFIA/KULTURA/MUSIKA/OFIZIO ZAHARRAK/URUMEA.

Irudian ikusten dituzun "joale" bakoitzak du bere izena, eta hala aipatu zizkidan, banaka-banaka, Joxe Luix Beasainek. Ea baten bat asmatzen duzun...

HARRAPAZKA EGUNA: IÑISTORRAK URREA BALIO ZUENEAN, 2017.

EGILEAK: XABIER IRIARTE ANSORENA ETA IÑAKI SANZ-AZKUE

ETNOGRAFIA/HISTORIA/KULTURA/IRATZE BILKETA/URUMEA.

Aurretik ARGIAn publikaturiko erreportajean, Hernaniko hainbat aipamen sartu gabe geratu ziren leku faltagatik. Hernaniko urtekarian, Xabier Iriartek zituen datuak eta aurretik jasoan nituenak batu genituen, gaiari buruzko informazio gehiago sartzeko.