Irratiko elkarrizketak

BOTAK LOKATZETAN_Naiz irratia

Botak lokatzetan Naiz irratiarekin hasitako kolaborazio lanaren barruan sartzen den sekzioa da. Bertan, hilabetero, une horretan naturan ikus dezakegunaz hizketan arituko naiz, Gelditu makinak izeneko irratsaioan, Eli Pagolarekin. Jarraian, hilero-hilero 8-10 minutu inguruko atala igoko dut. 

MAIATZA_SORBELTZAK ZERUAN TXIRRIOKA

Bere kantua nabarmena delako eta herri eta hiri inguruan asko ibiltzen delako, gizakiarekin kontaktu asko izan du eta izen asko paratu zaizkio sorbeltzari. Hegazti migratzailea, uda badatorrela ohartarazten digu bere presentziak. 

APIRILA_KANTUAREN ARABERA, IZENA.

Batzuk bertan geratu dira, beste batzuk negu goxoagoaren bila egin zuten hegoalderantz eta bueltan dira jada. Eguna luzatzen den bezala, handitu da txorien kantua era bai. Horregatik belarriak fintzeko aholkua eman digu Aranzadi Zientzia Elkarteko Iñaki Sanzek, txoriak kantuan aditzeko hilabete aproposa baita apirila. Izan, Txirriskila, Kukua, Pinpinla edo Txortxintxa. 

MARTXOA_MARTXOA SUGEGORRIARENA DA.

Izenez behintzat aski ezaguna da Euskal Herrian sugegorria. Baina zer dakigu narrasti honen inguruan? Euskal Herriko sugegorriaren populazioaren inguruan gutxi dakigu, «tamalez fama txarra duen animalia da eta zaila da diru laguntzak lortzea hura ikertzeko».

Euskal Herrian hiru sugegorri mota ditugu: Sugegorri kantauriarra (Vipera seoanei), Aspis sugegorria (Vipera aspis) eta Nafar Hegoaldean dagoen Lataste sugegorria (Vipera latasti).

OTSAILA_UHANDREEN DANTZA IKUSTEKO GARAIA DA.

Hotz egunak ditugu, baina neguan ere naturak badu bere puntua. Orain zozoak hasi zaizkigu kantuan, baina hilabete honetan ez gara zerura begira arituko, baizik lurrera, putzuetara: Uhandreen dantza ikusteko garaia da! 

Hasi dira uhandre palmatuak (Lissotriton helveticus) putzuetara sartzen. Hasi da ugal garaia!

URTARRILA_IRATZE PALEOTROPIKALAK EUSKAL HERRIAN?

XIX. mendean topatu zen lehendabiziko aldiz iratze paleotropikala Euskal Herrian.  Biriatuko mendietan aurkitu zuen aurrena (1885an) Zeiller botanikariak. Eta amua bota zien beste botanikariei, inguruan gehiago izango zirela aipatuaz. Urte gutxira Jaizkibelen aurkitu zuten landare honen populazio gehiago.


Bailara ilun, heze eta sakonetan agertzen da iratze paleotropikala, tenperatura egonkorra maite dute eta erreka bazterrean ikusiko ditugu. Izozteak egoteko arrisku gutxi dago erreka ondoan, eta kontrakoa, eguzki gehiegi ez da sartzen bazter horietara eta tenperatura ongi mantentzen da.


ABENDUA_UGAL GARAIAN SARTU DA BASO-IGEL GORRIA. 

Baso-igel gorriaren inguan aritu gara hilabete honetan. Haren kantua aditzeko garai ederra dugu orain, baina erne, putzu barrutik arituko baita kantuan baso-igel gorria. Urria-azaroan hasi eta otsaila-martxora arte topatuko ditugu Euskal Herrian baso-igel gorriaren arrautzak. Estrategia berezia du animalia honek, gure inguruko anfibioak ez bezala, hotzak etortzen direnean hasiko baita igel hau ugaltzen. 


Bi modu daude garai honetan baso-igel gorria ikusteko. Lehena, eta errexena, arrautzak ikustea. Mendi pistetako putzu-zulo edo putzu txiki horietan ikusiko ditugu arrautza poltsak, gelatina testura dute, eta arrautza bakoitzean puntu beltz bat ikusiko du. Horiek dira etorkizuneko zapaburuak. Helduak ikusteko, putzu eta urmaeletara begiratu beharko dugu, sakonean daude, eta besarkatuak ikusiko ditugu, ugaltzen.

 


AZAROA_ZORROZTU BEGIRADA, IZOKINA IBAIAN GORA IKUSTEKO GARAIAN GAUDE.

Errioan gora ikusiko ditugu orain izokinak, korrontearen kontra, ugaltzeko helburuarekin. Sortutako leku berean ugaltzen baitira izokinak. Izokina espezie anadromoa da. Itsasoaren eta ibaiaren artean egiten du bere bizi-zikloa. Udaberrian hasten dira handienak itsasotik gora igotzen, eta urri-azaro aldera hasten dira txikiagoak. 

Euskal gizartean izokinak garrantzia handia izan du. Izokin arrantzaren arrastoak aurkitu dira Errenteriako Aizpitarteko kobetan adibidez, eta artxiboetan egindako lanari esker jakin da Erdi Aroan gatazka asko sortu izan direla izokin arrantzarekin. 

URRIA_NARRASTI GAZTEAK IKUSTEKO MOMENTU ONENA DA UDAZKENA. 

Askotan izaten da udazkena datorrela eta, gora begiratzeko joera; hegaztiak migratzen ari direla, edota hostoak kolorez aldatzen... baina begirada jaisten dugunean eta arreta jartzean, hasiko gara konturatzen udazkena ere badela lurrera begiratzeko garai ederra: garai honetan narrasti txikiak izaten dira protagonistak, eguzkiaren goxotasuna bilatzen dute. Eguerdian, pareta eta sasiak begiratzen baditugu ikusiko ditugu, adibidez, sugandilak, baita argazkiko muskerra ere, Lacerta bilineta kumeak euren txoko berriak konkistatu nahian.

 


IRRATIAN EGINDAKO BESTE ELKARRIZKETA BATZUK

SUGEEI BURUZ BERRIKETAN

2023-03-21

BAIPASA (EUSKADI IRRATIA): Hirugarren edizio bat ere izango du #sugebizi ekimenak. Herritarren zientzia bultzatzeko ekimen gisa hartzen bada ere, ikerketan aurrera egiteko oso baliagarria da. Euskal Herrian dauden sugeez hitz egin dugu, Ander Izagirrek egindako posterra oinarrian hartuz. Sugeekiko dagoen beldurra gainditzeko, garrantzitsua da ezagutza zabaltzea. 

DRAGOITXOA EUSKAL HERRIAN

Hizlariak: Kristina Zuza (EHU) eta Iñaki Sanz-Azkue (Aranzadi Z.E.)

2022-09-15

EKOSFERA (EUSKADI IRRATIA): Dragoitxoa gekoen taldeko espezie bat da. Iberiar Penintsulan salamanquesa izenez ezagutzen da espezie hori, eta Mediterraneo inguruko animalia da. Baina klima aldaketak eta beste hainbat faktorek eraginda, badira hamarkada batzuk Euskal Herrira ere iritsi zela. Aranzadiko Iñaki Sanz-Azkuek eta EHUko Kristina Zuzak azaldu digute dragoitxoa nolakoa den eta zergatik zabaldu duen bere banaketa geografikoa. 

HERRIAREN TAMAINA ETA GAZTEEK NATURAZ DUTEN PERTZEPZIOA

EKOSFERA (EUSKADI IRRATIA)_2022-06-29: EHUko ikertzaileekin batera egindako ikerketa-lan sakon baten ostean, gizarteratu egin behar emaitzak, eta hala egin genuen Euskadi Irratian. 12 urteko ikasleen 1000 lagin oinarritzat dituen azterketaz hitz egin genuen, hain zuzen ere. Zein da Euskal Herriko gazteek duten ingurumen ezagutza? Ezagutzen al dituzte bertako animaliak eta landareak? 

Erantzun horiek eta gehiago izan genituen hizpide elkarrizketan zehar. 

XVI. MENDEKO ERROTARRIAK, JAIZKIBELDIK MUNDURA.

Denis Álvarez (EHU) eta Iñaki Sanz-Azkue (Aranzadi Z.E.)

2022-04-06

EKOSFERA (EUSKADI IRRATIA): Jaizkibel mendiak bazuen sekretu bat ondo gordea. Dagoeneko, bertako biztanle askoren memoriatik borratua zegoen sekretua. XVI. mendean errotarriak egiten ziren bertan, eta errotarri horiek, itsasontziz, Sevilla, Cádiz, Kanariar uharteak, Lisboa eta Madeirara eramaten ziren, besteak beste; baina, zertarako eramango ote ziren errotarri horiek hiri horietara? erantzuna, elkarrizketan. 

EUSKARA ETA NATURAREN ERLAZIOAZ ETA "GURE FAUNARI ETA FLORARI BEGIRA" LIBURUAZ.

Hizlariak: Eñaut Agirre Goia eta Iñaki Sanz-Azkue

2021-10-26

BIGARREN KAFEA (NAIZ IRRATIA): «Euskarak naturatik jaso duen hori bildu nahi izan dugu» esan digute. Kazetaritza erreportaje baten harira sortu ziren proiektuaren lehen pausoak. Agirrek Hernaniko parkeetako hegaztiei buruzko lana egin behar zuen, eta Sanz-Azkuek horien izenak eman zizkion, euskara batuan eta deitura zientifikoan. Agirrek orduan, galdera bota zion: «Eta honek Hernanin zer izen dauka?».


NATURA BEHATZEKO MODUAK

Hizlariak: Nahia Seijas eta Iñaki Sanz-Azkue

Nahia Seijas geologoak eta Iñaki Sanz-Azkue biologoak CAF-Elhuyar saria irabazi dute artikulu orokorren eta kazetaritzako kategorietan, natura behatzeko moduei lotutako lanarekin. 

TOPA! GAUR, LUPULUDUN SAGARDOAREKIN

Hizlariak: Ander Barrenetxea (Oialume zar sagardotegia) eta Iñaki Sanz-Azkue (Aranzadi Z.E.)

BAIPASA (EUSKADI IRRATIA): Iñaki Sanz-Azkuek, Aranzadiko kideak, 2018an argitaratu zuen Sagardoa eta garagardotarako lupulua nahasten direnean, Hernanin 1945. urtean ekoizten zen edari bati tiraka. Duela 50 urte baino gehiago Antonino Pagolak Hernanin ekoizten zuen lupuludun sagardoa, eta istorio horri tiraka, lupuluak guren egin duen bidea kontatzen zuen.

Edari hura galdu zen, baina, Ander Barrenetxeak, Oialumezarrekoak, artikulua irakurri, eta pentsatu zuen lupuludun sagardoa ekoiztea ideia ona izan zitekeela, gaur gurean ideia horretatik sortutako "Iparla" edaria


ETXEKO LEIHOAK NATURAREN BEHATOKI_CAF ELHUYAR SARIA JASO DUEN ERREPORTAJEARI BURUZKO ELKARRIZKETA

Hizlariak: Amagoia Mujika (Gaur8) eta Iñaki Sanz-Azkue (Aranzadi Z.E.) 

2021-04-29

NAIZ IRRATIA: CAF-Elhuyar saria irabazi berritan Naiz Irratian izan da Iñaki Sanz Azkue idazlea, Gaur8ko zuzendari Amagoia Mujikarekin batera. Behaketan eta kontenplazioan oinarritutako erreportajea ikuspegi pertsonaletik idatzi zuela adierazi du Informazioaren Harian. 

ESKOLETAKO URMAELEN SAREA

Hizlariak: Ane Fernandez eta Iñaki Sanz-Azkue 

(Aranzadi Zientzia Elkartea)               2020-11-12

EKOSFERA (EUSKADI IRRATIA): Eskoletako Urmaelen Sarea zen den azalduko dugu eta nola uztartu ingurumena eta hezkuntza, urmael baten aitzakian. 

HERNANIKO ANFIBIOEN ETA NARRASTIEN GIDA-LIBURUA

HIRI GORRIAN (EUSKADI IRRATIA)_2017-11_02: Hernaniko anfibioak eta narrastiak gida-liburuaren aurkezpena egiteaz gain, aitzakia horrekin anfibioez eta narrastiez hitz egiteko aukera ere izan genuen